
Irrimarra bikote sortzailea, Irene Irureta (Zumaia) eta Karmele Gorroñok (Galdakao) osatzen dute. Biak Arte Ederretan lizentziatuak dira Euskal Unibertsitatearen aldetik, eta bertan hasi ziren elkarlanean, 2016. urtean, lan kolektiboaren alde apustu egin eta irrimarra sortu zuten arte.
Prozesu osoan zehar elkarlanean aritzen dira, hasierako ideiatik hasi eta ilustrazioaren emaitzara iritsi arte. Beraien imajinarioan ilustrazio koloretsu eta organikoak aurki daitezke, bolumen nabarmenduekin eta estanpatuak erabiliz. Horrez gain, proportzio eta formekin jokatzen dute estereotipoak apurtzen dituzten pertsonaiak sortuz.
Diziplina anitzeko irudigileak direla esan daiteke. Izan ere, lehen lau urte hauetan, denetariko lanak burutu dituzte euskarri zein esparru ezberdinak ukituz, baina betiere, ilustraziotik abiatuz. Irrimarrak sinatuak ikus ditzakegu gure kaleetako hainbat horma-irudi, (Urnieta, Bilbo, Donostia, Itziar…) baita eskoletan banatzen diren hainbat agenda ere ( Emakunde, Debegesa…). Horrez gain, prentsa kolaborazioak, (denbora-pasak, irrimarrak…) kartelak, zein esku orrietarako ilustrazioak ere egin izan dituzte. Aipatzekoa da baita, haurrei zuzenduriko tailerrak eskaintzen dituztela eta gazteekin elkarlanean horma-irudi kolektiboak sortu izan dituztela.
Lan argitaratuei dagokienez, Altzoko Handia-ren album ilustratuen bilduma nabarmendu dezakegu, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean sortua eta Erein argitaletxeak argitaratua (2018-2019). Oraingoz, lau ale argitaratu dira eta beste bi bidean daude. Horiez gain, Elkar argitaletxeak ateratako Ametsen basoa (2019) ilustratu dute, Pello Añorgaren testua landuz. Bukatzeko, aipatzekoa da 2019. Urteko Peru Abarka lehiaketa irabazi dutela. Karmele Mitxelenaren hitzek osatzen dute Erakusleihoan izeneko helduentzako album ilustratua eta ilustrazioak irrimarrak sortu ditu